Euskal herri-zeramika, garai batean beti zerbaitetarako erabiliak izan ziren eta gaur egun beren balio etnografiko, kultural edo dekoratiboarengatik bildumari eta adituen aldetik oso estimatuak diren ontzi-kopuru handi batez osatua dago.
Euskal Herriko zeramika-produkzioa, oro har, bere soiltasun eta xumetasunagatik bereizten da. Pieza landu eta apainduenak ingurune erlijiosoetarako eta jauretxeetarako egiten ziren.
Lurrezko ontzi eta tresnen munduak, lehenbiziko gizatalde sedentarioen garaietan du bere jatorria. Nekazaritza eta animalien heziketa lantzean, auzune sedentarioak sortu eta garatu ziren, teknika aldetik lehen urratsak eginez, eta besteen artean zeramika landuz. Ekialde Hurbilean izan zen hori, Kristo aurreko 7000. urtea aldera, eta K.a. IV. milurtekoaren hondarrean iritsi zen guregana.
Buztingilearen gurpila aurrerapauso handia izan zen bide honetan. Esan liteke gizakiak sortu zuen lehenbiziko makina izan zela. Pieza gehiago eta hobeto egiteko bidea zabaldu zuen. Eltzegintzako lantegiek, horrela, merkatu zabalagoa hornitu ahal izan zuten. Tresna hau ere Ekialde Hurbilean sortu zen, Kristo baino 4.000 urte inguru lehenago. Eta Iberiar Penintsulara feniziarrekin eta greziarren eskutik etorriko zen seguru asko, baina erromatarrak izan ziren Penintsulako ipar eta mendebaldera zabaldu zutenak.
Piezak erretzeko labeak ere aldatuz joan ziren denborarekin, harik eta bi kamera eta goranzko tirodun labe bertikal bihurtu ziren arte, Europa osoan gertatu zen bezala. Euskal Herrian, oinplano karratukoak ziren, bertikalak eta goitik irekiak.
Beheko kameran edo "sutegia" deituan otea eta pinu-adarrak erretzen ziren, horiek ziren-eta orduko erregai usuenak. Goiko kameran, berriz, erre behar ziren piezak ipintzen ziren, zeramikazko banatzaileen bidez hainbat pisu edo apaletan gainjarrita. Eta bi kamera horiek, noski, elkarrekin komunikatuta zeuden, zulo batzuen bitartez.
Labea bete ostean, goiko partea teila eta hondakin-puskez ixten zen, keari kanporako irteera eman eta berotasunari barruan eusteko. 950 ºC-tarainoko tenperaturak lortzen ziren.
Ontziak iragazkaitz bihurtzeko teknika izan zen beste aurrerapauso handietako bat. Antzina-antzinatik saiatu izan da gizakia buztinaren aroltasuna metodo batzuekin edo besteekin konpontzen. Badakigu, esate baterako, Pertsian eta Asia Txikian beiraztatzeko teknika ezagutzen zutela Kristo aurreko 3000. urtea aldera, baina teknika hori arabiarrekin etorri zen Iberiar Penintsulara, eta X. eta XI. mendeetan zabaldu zen batik bat. Eztainuzko esmalte zuria XVII. mendetik aurrera erabili izan da Euskal Herrian.
Gerra zibilaren ondoren, Ingalaterratik ekarri ohi zen eztainua eskas antzean zebilelako, beste teknika bat erabili zuten eltzegileek beren piezak zuritzeko. Ontziak egin eta lehortu ostean, engobe-bainu bat (buztin zurizko pasta) ematen zieten buztinaren kolore marroia estaltzeko, eta gero beiraztatu egiten zituzten. Metodo honek 60-70eko urteak arte iraun zuen, hau da, geratzen ziren lantegi apurrak itxi ziren arte, alegia.
Euskal Herriko buztingintza soiltasun handikoa izan da, zerbaitetan erabilia izateko pentsatua ia beti. Forma eta apaingarrien aldetik, XVII, XVIII eta XIX. mendeetan garatu zen buztingintzarik aberatsena. Eztainu-zuriaren gainean marraztutako berde eta manganeso-marroizko apaingarriak ageri dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako buztin-lantegi gehienetan. Esmalte zuri beraren gainean marraztutako urdina oso ugaria da Arabako Ixona, Erentxun, Egileta eta Gasteizko buztin-lantegietan eta Nafarroako Marañón-goan. Eta berde eta urdinezko apaingarriak ere oso zabalduak daude. Kolore horiek Ebro garaitik etorri ziren seguru-seguruenik, Aragoiko lantegietatik eta, agian, Penintsulako sortaldetik zabalduta. Mende horien ostean, eta jadanik XX. mendean, ez da ikusten ia batere apaingarririk, erlijio eta kofradien munduko ontzi batzuetan izan ezik. Gauza jakina da XIX. eta XX. mendeetan 50 buztin-lantegi baino gehiago zeudela Euskal Herri osoan, eta produkzio handikoak zirela. Baina Iraultza Industrialaren etorrerarekin, eta plastikoa eta bestelako materialak aurkitu eta zabaltzean, ia erabat desagertu ziren buztin-lantegiak.
Eskuartean ditugun datuak azken 250-300 urteetakoak dira, baina aspaldi-aspaldiko garai eta prozedurez hitz egiten digute horiek. Buztingintzak Euskal Herrian izan duen garapena hobeto ulertzeko, mendeetan zehar euskaldun gehienen aberastasun-iturri handiena izan zen artzain-ekonomiari begiratu historiko bat emango diogu. Mendi asko eta asko ardiak larrean bazkatzeko erabiltzen ziren, eta, jakina, horrelako ekonomietan —hots, udako eta neguko larreen arteko trantsumantziarekin— zurezko tresnak egokiagoak ziren lurrezko hauskorrak baino. Arrazoi horrexegatik, hain zuzen, buztingintza betiere motelago garatu da Euskal Herriko eskualde hezeetan, Nafarroa eta Arabako nekazari-eskualdeetan baino.