Gasteizko Santa Maria Katedraleko arkeologo-taldearekin elkarlanean
Fabrikazio-teknikak zuzen ezagutzea ezinbesteko baldintza da aztarnategi bateko zeramikazko gauzak egokiro interpretatu ahal izateko. Ollerietako Museoko tailerretan, arkeologia-aztarnategiak aztertzen jarduten duten enpresekin batera lan egiten dugu, buztinekin probak eginez eta indusketetatik ateratako zeramiken markak, akatsak eta akaberak interpretatzera bideratutako hainbat prozedura praktikan jarriz. Urri eta abenduko hilabeteetan Gasteizko Santa Maria Katedraleko arkeologo-taldearekin batera lanean jardun du Museoak, Agustin Azkarate Doktore jn.aren zuzendaritzapean. Buztin-markei, horien itxura fisikoei eta akaberei buruzko kontsultak egin zaizkigu. Eta gure aldetik, berriz, gure Museoan ikustera jarrita dauden hainbat zeramika-hondakin erabili ziren garaiei buruzko informazioa eskatu dugu.