José Ortiz de Zárate: in memoriam (1913-2008). Eltzegintzari loturiko bizitza.
Museoa sortu zeneko 15. urtemuga honetan, hil berri den Ollerietako maisu buztinlariari omenaldia eskaini nahi diogu. Erakusketa honen bitartez, berak egindako keramikazko lan itzela gogora ekarri nahi izan dugu.
José Ortiz de Zárate 1913an jaio zen, Elosuko Ollerías auzoan (Araba), "eltzegileen familia batean" esatea gustatzen zitzaion bezala. Familia ugariko seme zaharrena izaki, Jose izan zen aitarengandik lanbidea ikasi eta familia-tradizioari eutsi ziona. Hala ere, bi gertakarik eten egin zuten jarduera hura.
Lehena, 1936ko Gerra Zibila. Ollerias auzoak inguruko herriek bezala jasandako bonbardaketetan, baserria eta bertako pertsonak oso kaltetuta geratu ziren. Urte latzak izan ziren, baina, neke askoren ondoren, lanbideari berriro ekin ahal izan zioten 1941etik aurrera.
Beste gertakari aipagarria, 1958an Urrunagako urtegia eraiki izana da. Buztina ateratzeko erabiltzen zituzten lursailak estali zituen urak, eta eltzegintza-lantegia itxi egin behar izan zuten, lehengai gabe geratu zirenez.
1960tik aurrera, Jose abeltzaintzan aritu zen, eta, erretiroa hartu eta gero, lehengo eltzegile-lanbideari ekin zion berriro. Atsegin zuen buztinarekin lan egitea, eta beste 25 urte pasatu zituen zeramika-lanaz gozatzen eta lanbidea ikasle ugariri irakasten, harik eta 2008ko apirilaren 3an Olleriasen hil zen arte, 94 urte zituela.
Euskal eltzegintzarentzat, hau izan da José Ortiz de Zárateren kultura-ondare bikaina: gaur egun bere urratsei jarraitzen dien belaunaldi berri bati ezagutzak transmititzea.
Duela 80 urte baino gehiago jaso zuen eta, historiak dioenez, Arabako Olleriasen duela 1.000 urte baino gehiago bizirik zegoen artisau-lanbide honi jarraipena emateko bidea eskaini du.