Apaingarriak
Euskal Herriko buztingintza soiltasun handikoa izan da, zerbaitetan erabilia izateko pentsatua ia beti. Forma eta apaingarrien aldetik, XVII, XVIII eta XIX. mendeetan garatu zen buztingintzarik aberatsena. Eztainu-zuriaren gainean marraztutako berde eta manganeso-marroizko apaingarriak ageri dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako buztin-lantegi gehienetan. Esmalte zuri beraren gainean marraztutako urdina oso ugaria da Arabako Ixona, Erentxun, Egileta eta Gasteizko buztin-lantegietan eta Nafarroako Marañón-goan. Eta berde eta urdinezko apaingarriak ere oso zabalduak daude. Kolore horiek Ebro garaitik etorri ziren seguru-seguruenik, Aragoiko lantegietatik eta, agian, Penintsulako sortaldetik zabalduta. Mende horien ostean, eta jadanik XX. mendean, ez da ikusten ia batere apaingarririk, erlijio eta kofradien munduko ontzi batzuetan izan ezik. Gauza jakina da XIX. eta XX. mendeetan 50 buztin-lantegi baino gehiago zeudela Euskal Herri osoan, eta produkzio handikoak zirela. Baina Iraultza Industrialaren etorrerarekin, eta plastikoa eta bestelako materialak aurkitu eta zabaltzean, ia erabat desagertu ziren buztin-lantegiak.